Miguel Marina
biography
Artist Statement
Image Gallery
Reviews
Exhibitions
Contact

 

Biography Miguel Marina

ENGLISH • EUSKERA • ESPAÑOL

Miguel Marina Bilbon jaio zen 1915eko otsailaren 10ean eta Cecilio Marina eta Constancia Barredoren 5 semeetan nagusiena izan zen. Miguel Bilbon bizi izan zen, eta ikasketak ere bertan burutu zituen Espainiako Gerra Zibila hasi zen arte, hau da, 1936ko uztailera arte. Garai hartan kapitain izendatu zuten eta Errepublikaren alde borroka egin zuen Francisco Franco jeneralak suntsitu zuen arte, eta orduan Frantziara ihes egin zuen. Beste sei euskal errefuxiaturekin batera joan zen eta handik atlantikoa zeharkatu eta Venezuelarantz joan zen, arrantza-ontzi txiki batean. 40 eguneko bidaia izan zen. Bidaia hau Deia egunkariak 1982an argitaratu zuen artikulu batean aipatuta dago. Miguelek bizipen hauei erreferentzia egiten die bere alabak 1980ko hamarkadaren hasieran egindako grabazio batean eta bertan bere emaztearekin eta alabarekin gerrari buruz hitz egiten du.

Audioaren: "El Viaje"

Audioaren: "La Guerra"

Urtebete Venezuelan bizi izan zen, eta urte horretan futbolari profesional gisa jokatuz ateratzen zuen bizimodua. Ondoren, Dominikar Errepublikara joan zen, eta Rafael Trujillo jeneralaren kontrolpean zegoen. Beste espainiar errefuxiatu batzuk hainbat alderdi politikoren laguntza jasotzen zuten beste herrialde batzuetara emigratzeko, baina Miguelek ez zuen horrelako laguntzarik izan eta Trujilloren diktaduratik ihes egiteko inolako laguntzarik ere ez zuen jaso. Orduan itsasontzi jugoslaviar batean sugin lanetan hastea erabaki zuen, eta Bigarren Mundu Gerran Bretainiara hornigaiak eramaten zituen. Aurretik planifikatu zuen bezala, itsasontzia New Yorken porturatu zenean erregaia hornitzeko, Miguel ez zen itsasontzira itzuli. Oso hiri handi batean eta ingelesez hitz egin gabe Euskal Ordezkaritzako bulegoa aurkitu zuen E.14 kalean.

Miguel Estatu Batuetara joan zenean pinturara dedikatu zen serio. New Yorken Jose Vela Zanetiri lagundu zion Nazio Batuen eraikineko “La lucha del hombre por la Paz” muralean. Hirian pasatu zituen urteetan, benetako pobrezia izan arren, zoriontsu ere izan zen. New Yorken bere benetako lanbidea aurkitu zuen, margolariarena, eta han ezagutu zuen emazte amerikarra, Madeline (Magdalena) eta ezkondu egin ziren. Bertan jaio zen bere alaba, Constance (Kuki). New Yorken Miguel Velatiz gain, beste espainiar errefuxiatu batzuekin ere egoten zen; hala nola,  Jesus de Galindez (Eusko Jaurlaritzako ordezkaria erbestealdian) , Ovidiu Gondi (Israelgo lotura Latinoamerikarekin), Juan Oñativia (musikaria), Bernardo Clariana (poeta), Luis Quintanilla (margolaria) eta Manuel Manriquerekin (psikiatra).

Ostiral gauetan, espainiar errefuxiatu hauek eta beste batzuk Clarianaren apartamenduan elkartzen ziren Villagen eta bertan abestu, hitz egin, barre egin eta Espainiako oroitzapenak eta Gerran izandako bizipenak kontatzen zizkieten elkarri. 1955ean Miguelek eta bere familiak New York utzi zuten eta Ekuadorrera joan ziren, eta bertan Miguelek bere lagun Bernardorentzat lan egin zuen platano plantazio batean gerente bezala. Hala ere, Guayakira heldu eta denbora gutxira, Miguel konturatu zen Bernardok plantazioan inbertitu zuela pentsatzen zuena, benetako iruzur baten biktima zela. Orduan, Marinak eta bere emazteak Estatu Batuetara itzultzea nahi zuten. Magdalena eta Kukirentzat erraza zen, Amerikako hiritarrak baitziren, baina Miguelentzat, ordea, ez zen erraza – paperik ez zuenez, ezin zen legalki sartu-. Magdalena eta Kuki New Yorkera hegazkinez joan ziren eta Magdalenak American Jewish Commiteerentzako (AJC) lan egiten jarraitu zuen.

Miguelek Guatemalarako hegazkina hartu zuen, eta gidari indigena baten laguntzaz, bere aurretik igeri egin zuena itsasoko arroparekin buruan, Tapachula ibaia (Mexiko) zeharkatu zuen. Miguelek handik Tijuanara hartu zuen hegazkina eta bere asmoa handik Estatu Batuetako muga zeharkatzea zen. Hala ere, Miguel hegazkinetik jaitsi zenean, atxilotu egin zuten paper gabe sartzeagatik eta Kartzela publikora eraman zuten. Marina kartzelan egon zen aste batzuetan, baina ondoren, bere koinatuaren anaiaren (Sofia ahizparen senarra) laguntzarekin irten zen (Fortunato Lopez, hiri horretako biztanlea).
Mexikon, Miguelek bera eta bere familiarentzat onena Espainian elkarrekin bizitzea izango zela erabaki zuen eta handik paperak lortzen saiatu Estatu Batuetara legalki sartzeko. Merkantzia-ontzi baterako txartela erosi zuen, Floridan eskalarekin, Santanderrerako ibilbidean. Magdalenari esan zion berak eta Kukik itsasontzian topatu beharko zutela eta han itxarongo ziela berak txartelekin. Nahasketa askoren ostean eta Floridan jaistea nahi zuten Ingalaterrara bidalitako jamaikar bidaiarien matxinadaren erdian, marinatarrak elkartu ziren  eta Espainiako porturako bidaia hasi zuten. Santanderren, hamazazpi urteko banaketaren ondoren, ama eta ahizpa bi  zituen zain, Catalina (Cati) eta Sofia (Sofi), besarkatu egin zuten, eta Magdalena eta Kuki ezagutu zituzten. Marina familiak urtebete pasatu zuen Bilbon Sofi eta bere senar Angelekin; azken hau zapata-denda handi baten arduraduna zen.

Magdalenak ingeleseko eskolak eman zituen amerikar etxean (amerikar kontsulatuak zuzenduta) eta Miguelek Angelentzako egin zuen lan, handizkako zapaten salmentan. Miguelen familiarekin elkartu zirelako pozik egon arren, marinatarrak deseroso sentitzen ziren Espainian diktadura frankistarekin. Gainera, polizia hainbat aldiz joan zitzaien etxera Miguel zertan ari zen aztertzen. Hala ere, Kontsulatu amerikarreko dokumentuak lortzeko ahaleginek ez zuten ezertarako balio izan. Eta gainera, lagunen gutunak aurkeztu zituzten Ed Finkelsteinena (ordurako New Yorkeko Macy´s-en presidentea eta beranduago Macy´s-en Zuzendaritza batzordeko presidentea) eta Marvin Elkoffena (komunismoaren kontrako idazle ezaguna) beste batzuen artean, Miguel pertsona ona zela fede emanez eta sekula ere ez zela izan partidu komunistako kidea esanez.

Azkenean, Magdalenak Kukirekin New Yorkera itzultzea erabaki zuen herrialde barruan lan eginez senarrak eurekin elkartzeko baimen legala lortzeko helburuarekin. Banatuta egon ziren urtebetez eta Magdalena AJCn lanean hasi zen berriz, eta Errefuxiatu espainiarrei laguntza ematen dien Nancy MacDonaldekin harremanetan jarri zen. Nancyren bidez, Magdalenak abokatu bat kontratatu zuen, Edith Lowenstein, eta hau Brooklyngo biltzarkide den Emanuel Cellerrekin harremanetan jarri zen. Honek Estatuko Sailera (State Departament) gutun bat bidali zuen, ama amerikar bat eta bere alaba, aita eta senar espainiar batengatik bananduta zeudenaren berri emanez. Azkenean, Marinari Estatu Batuetan bizitzeko baimen legala eman zioten. Miguel New Yorkeko portura heldu zen transatlantiko batean 1957an eta familia berriz elkartu zen.

Lanaldi osoko lana topatu zuen kolore nahasketak egiten zituen serigrafia konpainia baten, eta konpainia horrek Yardleyrentzako diseinuak egiten zituen beste batzuen artean. Ordu libreetan etxean margotzen zuen. Magdalena “The Fund for the Republic” enpresako idazkaria zen; enpresa hori Robert M. Hutchins-ek (lehenago Chicagoko Unibertsitateko zuzendaria izan zenak) zuzentzen zuen eta irabazi asmorik gabeko kabinete estrategiko bat zen. 1959an Fundek bulegoak Santa Barbarara (Kalifornia) eramatea erabaki zuen eta Magdalena eta familiari lekualdaketa eskaini zioten. Marinatarrak Super Chief-ean heldu ziren Santa Barbarara. Fundi zegokion berrogei akreen finka (The Center Forthe Study of Democratic Institutions) Monteciton zegoen, hiriko lekurik ederrenean. Han, marinatarrek aurretik lorezaina bizi izandako etxetxoa errentan hartu zuten, eta horrela hasi zen 10 urteko produktibitate eta fidantza egonkortasunaren etapa.

Etxetik hurbil zegoen korta zahar bat  artista baten estudio bihurtu zuen Miguelek eta egunero ordu luzez  margotzen egoten zen. Agente bat lortu zuen, Esther Bear, Monteciton galeria handia zuen eta urtero bere koadroen erakusketak izaten ziren. Magdalenak Centerren zuen lanaren bidez (garai hartan bulegoko gerentea), eta Miguelen erakusketen bidez, marinatarrek lagun berri zoragarriak egin zituzten. Euren etxea Centerreko lan ondorengo orduetako eta asteburuetako bisita intelektualentzako leku gustukoena bihurtu zen. Wilbur H. Ferri (Ping), Centerreko presidenteordea eta bere familia marinatarren oso lagunak egin ziren eta bere lanaren sustapena egiteari ekin zioten. Hallock Hoffman (Centerreko diruzain-idazkaria), Paul Cogley (Commonweal Magazineeko editorea), Donald MacDonald (The Center Magazineko editorea), Scott Buchnan (filosofoa)  eta Rexford Tugwell (Franklin Deleanor Roossevelten Brain Trsuteko kidea eta Puerto Ricoko antzinako gobernadorea), guztiak ziren marinatarren  lagun onak, eta sarritan gonbidatzen zituzten euren etxean afaltzera. Centerreko lagunez gain, beste lagun batzuk ere egin zituzten sarritan bisitatzen zituztenak: Garrett Hardin, UCSBko (Santa Batabarako Kaliforniako Unibertsitatea) biologiako irakasle ezaguna, George Dangergield (UCSBko irakaslea historialari ospetsua), Betty and Stanley Sheinbaum (Betty Warner anaietako (Warner Bros) Harry Warnerren alaba zen) eta Stanleyk Centerrerako egiten zuen lan, Kurt Lowenstein (negozio-gizon erretiratua), Emil eta Wally Geist, Jose eta Evita Barcia, gaztelaniako irakaslea UCSBn (Kaliforniako Unibertsitatea Los Angelesen), John Forsyth (gaztelaniako irakaslea Santa Barbara City Collegen), Leonora Cook (eskultorea), Polly Hamilton (partidu demokratako bertako adarrean boluntarioa) eta Victor Fuentes (gaztelaniako irakaslea UCSBn). 1969an Centerrak aldaketa izugarriak izan zituen. Robert Hutchins, zaharra zen eta gaixorik zegoen, eta Ping kalera bota zuen eta baita marinatarren beste hainbat lagun ere, nahiz eta aurretik lan finkoa izango zutela agindu. Centerra gainbehera hasi zen. Magdalena, desengainua hartuta eta arduratuta, beste urtebete gehiago gelditu zen, baina bai berak eta baita Miguelek ere bazekiten diru kontuetan aldaketa izugarria izan behar zutela. Hori jakinda ere, Miguelek Center (Center Magazine) aldizkarirako bi portada diseinatu zituen, bata Maltako kongresurako 1970eko ekainean argitaratu zena eta bestea, 1971eko martxo/apirileko zenbakirako, Jainkoari, erlijioari eta etorkizunari buruzkoa.

1970ean Stanley Sheinbaum bota zuten Centerretik eta Bettyrekin Italian zuten etxera joan ziren. Magdalenak Centerra utzi zuen urte horretan bertan eta Sheinbaum familiak Santa Barbarako etxeko alojamendua doan utzi zieten garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak barne. Etxea espainiar estilokoa zen, handia eta ederra, teila gorriekin, Monteciton. 1972ko udan Betty eta Stanley Italiatik itzuli zirenean, Miguel eta Magdalenak Espainiara joatea erabaki zuten betiko. Hegoaldean etxe bat erosteko aukera aztertu ondoren, azkenean marinatarrek Madrilera joatea erabaki zuten. Fuencarral kalean pisua erosi zuten eta Magdalena ingelesa irakasten hasi zen Nazioarteko Institutuan. Carabancheleko langile-auzoan ingelesa irakasten ere egin zuen lan boluntario bezala. Magdalena ondo egokitzen zihoan eta Espainian geldituko zen, baina Miguel deseroso zegoen eta ez zen aldaketara egokitu.

Antonio Machado galerian erakusketa izan zuen, eta 1973ko martxoaren 8ko informazioetan labur-labur aipatu zen, baina artearen munduan ez zuen arrastorik utzi. 1973ko ekainean Miguelek eta Magdalenak pisua saldu zuten eta Estatu Batuetara itzuli ziren. Santa Cruzetik pasatu ondoren Kaliforniako Unibertsitatean Kukiren lizentziaturako zeremoniarako, bikotea Santa Barbarara itzuli zen. Aste batzuetan Jo Ferryren (Pingen lehenengo emaztea) etxean gelditu ziren eta ondoren, apartamentu bat hartu zuten errentan, 417 Shasta Lanen etxea erosi zuten arte. Nahiz eta txikia izan, etxea auzo onean zegoen, Jardin de Rosales eta Mision de Santa Barbaratik hurbil, 1786an frantziskotar espainiarrek sortu zuten. Lagun baten laguntzarekin, Miguelek patioan estudio bat eraiki zuen eta beste egongela bat balkoi handi batekin etxea handitzeko.

Nahiz eta aurrekontu mugatuarekin bizi, bikoteak bi logelako etxetxoa  leku zoragarri batean aldatzea lortu zuen. Magdalenak estilo frantseseko kristalezko ateak erosi zituen  txatartegi batean eta Miguelek egongelan jarri zituen balkoi aldera emateko. Egongela berrian jarri zuen, espaloian erabilitako alfonbra. Miguel berriz margotzen hasi zen, eta Magdalena lan bila. Magdalenak lan batzuk aurkitu zituen, baina orduka, eta bikotea diru faltan zegoen. Urte haietako egun batean, Magdalenak bere alabari esan zion, inguruko hondartza batean muskuiluak batzen zebiltzala afarirako eta etxera dirua bidaltzeko eskatu zion. Orduan Kuki Santa Kruzen bizi zen eta bertan egiten zuen lan eta sasoi hartan hilero txekeak bidaltzen zituen etxera. Une hartan, Magdalenaren lanetako baten bidez bizi guztirako lagun bat egin zuten. Glen Serbinek, enpresario eta negozio-gizonak, berak sortutako Photographers Forum aldizkarirako editore kontratatu zuen Magdalena. Glenek Marina familian interesa erakutsi zuen bereziki, eta euren lagun leial egin zen eta Shasta Laneko etxera sarritan joaten zen bisitan. Pingek sarritan bisitatzen zuen Santa Barbara, bere bigarren emaztearekin, Carolekin  (Bernstein), Jo eta bere alabak ikusteko. Bidaia hauetan Ping eta Carol beti joaten ziren marinatarrak bisitatzera; hauek ez ziren Joren lagunak bakarrik, baita Jo eta Pingen alabenak ere. 1975ean  Ping Migueli hileroko txekeak bidaltzen hasi zen, bere pinturei egindako laguntza ekonomiko bezala. Berak eta Carolek sarritan dirua bidaltzen zieten pertsona eta erakundeen zerrenda batean  jarri zuten. 1984. urte ingurura arte jaso zituen kuota horiek Miguelek.

Miguelek urtero bidaltzen zion Pingi koadro bat eta honek behin zintzotasun osoz esan zion Miguel zela ezagutu duen pertsonarik eskuzabalena. Miguelek Kukiri komentatu zion Pingek bizia salbatu ziola. Miguelek zein Magdalenak mantentzen dituzten lagun min eta harreman luze horiek aztertzeak merezi du. Bikote ez oso arrunta osatzen zuten. Emakumea, lehenengo belaunaldiko judu amerikarra zen, Brooklyngo Brownsvilleko txirotasunean hazia. 6 urte zituela ama galdu zuen. Bere aita analfabetoa eta emakumezalea zen, eta oro har berak defendatu behar izan zuen bere burua. 15 urterekin ikasketak utzi eta lanean hasi zen fabrika batean. Emakumeen armadan (WAC) sartu zen eta idazkaritzako ikastaroa egin zuen, gobernuak ordainduta, beteranoentzako abantaila bezala. Irakurle sutsu bihurtu zen eta unibertsitate ikastaroak egin zituen Gizarte Ikerkuntzako Eskola berrian (New School for Social Research). 25 urte zituen Miguel Provincetowen ezagutu zuenean, eta oraindik ez zekien sukaldean aritzen edo entsalada bat prestatzen. Miguel, ordea, Bilboko klase ertaineko familia handi eta maitekor bateko seme nagusiena zen. Guraso eta anaiek miretsi egiten zuten. Futbol jokalari bezala nabarmendu egiten zen eta elizako koroan abesten zuen bakarlari gisa. Unibertsitatera joan ez arren, irakurtzeko zaletasuna zuen eta sarritan hitz egiten zuen Pio Baroja, Miguel de Unamuno, Antonio Machado eta Miguel de Cervantesi buruz eta baita beste idazle espainiar batzuei buruz ere. Haurtzaroko desberdintasunen isla bezala, Magdalena trebea eta kementsua zen eta Miguel idealista eta lasaia. Magdalenak beti miresten zuen bere senarraren erakargarritasun fisikoa eta beti nabarmentzen zuen, baita zaharra zenean eta gaixorik zegoenean ere.

Miguel oso ederra zen, eta ahots baritonoa eta lagunarteko tratu gozoa eta atsegina zituen. Sekula ere ez zion garrantzi larregirik eman bere itxurari, eta sarritan horri ematen zitzaion atentzioa desbideratu egiten zuen. Miguelen arrebak, Sofik, Kukiri komentatu zion beragatik sentitzen zuen miresmena; sekula ere ez zen egon beste emakume batekin bera eta ama New Yorken (Estatu Batuetan sartzeko dokumentuak legalizatzen) egon ziren bitartean. Miguelek eta Magdalenak sarritan idazten zioten elkarri banatuta egon ziren urtean. Sakon eta luze hitz egiten zuen bikotea zen. Miguel hil zen egunera arte Santa Barbarako kaleetan zehar ibiltzen ziren, eskutik oratuta, hitz eginez paseatzen. 1978. urte inguruan, Magdalenaren aurreko nagusi eta lagunak, Hallock Hoffmanek,  Fielding Instituterako editore lanetarako kontratatu zuen; erakunde honek gizarte lan eta psikologia arloan lan egiten duten profesionalei lizentziatura eta doktoretzak ematen dizkiete. Ikasleek titulu aurreratu bezala idazten zituzten tesiak editatzen zituen. Magdalenak oso gustuko zuen bere lana, eta etxean lan egitea gustatzen zitzaion ordutegi malguarekin. Marina familia berriro eroso bizi zen, arazo ekonomikorik gabe. Miguel lasaitasunera itzuli zenean pinturara dedikatu zen, eta artearen negozioak etsiarazita, bizimodu artistikotik erretiratu zen. Ia asteko egun guztietan lan egiten zuen, baina arte ordezkaririk eta galeriarik ez zuen kontratatu, eta ez zuen erakusketa gehiagorik jarri. Bere bizitzako azken 10 urteak pintore lanetarako probetxugarrienak izan ziren.

Bere egunerokoaren azken orrietako baten honako hau idatzi zuen: “erabateko bakardadean lan eginez”. 1989ko abenduaren 13an, Kuki eta familia Santa Barbarara Gabonak pasatzen joan baino astebete lehenago hil zen Miguel Marina (lo zegoela).